Turismoa Azpeitian eta Urola Kosta inguruan
Azpeitia
Urola Erdiko eskualdean, Izarraitz mendigunearen babesean dago Azpeitia (Gipuzkoa).
Batez ere Loiolako santutegiak egin du ezagun Azpeitia. Erdigunetik kilometro batera dago eta herriko multzo arkitektonikorik esanguratsuena da, zalantzarik gabe.
Udalerri horretatik ikusi ahal izango dugu Izarraitz mendigunea. Hango bideetan barrena, hainbat bazter xarmagarri ezagutuko ditugu, Erlo, Xoxote eta Kakueta (Azkoitiko udalerriari dagokio) gailurrak, esaterako.
Udalerriak hiru museo interesgarri ditu, eta merezi dute bisitatzea. Trenaren Euskal Museoa, Ekoetxe museoa (lehen Ingurugiro Etxea izenekoa), Loiolako Etxe Santua eta Dorretxea.
Azkoitia
Izarraitzen magaleko Gipuzkoako udalerri honetara iritsitakoan, txundituta geratuko gara bertako kaleetako eraikin ederrekin.
Plazan, udaletxearen eraikina, fatxadan ezkutu deigarri bat duena, eta Santa María la Real parrokia nabarmentzen dira.
Horrez gain, arras interegarria izan daiteke Azkoitiko dorretxeak ikustea. Baldakua, Floreaga, Idiakez edo Etxe Beltza (Bigarren Karlistadan jasan zuen sutearen ondorioz belztuta dago) eta Insausti, Gipuzkoako zaharrenetakoa, adibidez.
Pilotak sekulako garrantzia izan du betidanik Azkoitian, eta "pilotaren sorleku" izena hartu du. Zaletasun horren erakusgarri dira Jorge Oteizaren omenez egindako 7 frontoiak.
Zestoa
Izarraitz mendilerroaren magalean dago Zestoa, Urola ibaiaren ertzean. Ur termaletan tradizio handiko herria da, eta bertako iturburuetatik irteten den ur osasungarriak oso ezagun egin du. Zestoako bainuetxea 1804an ireki zuten, eta XVIII. mende bukaeran aurkitu zituzten uren onurez gozatzeko aukera ezin hobea eskaintzen du.
XIX. mende bukaeran eta XX.aren hasieran, Europako aristokrazia bertara joaten hasi zen eta, ondorioz, hotel eder bat ireki zuten, bainuetxearen ikurra. Egun, Zestoako Hotel-Bainuetxea, Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen bakarra, erabat eraberrituta dago eta hidroterapian teknikarik berrienak eskaintzen ditu: igerileku, bainu, dutxa eta bapore mota ezberdinak. 213 lagunentzako lekua dauka eta kalitate turistikoaren Q ziurtagiria jaso du.
Zumaia
Gipuzkoako kostaldearen zatirik ederrenetako batean dago Zumaia, Urola eta Narrondo ibaiek bat egiten duten badian. Itsaslabar malkartsuetan amaitzen diren mendi berdeez inguratuta dago.
Alde zaharrean hasiko dugu herria ezagutzeko ibilaldia. Erdi Aroko itxura dauka oraindik ere. Bertan, XIII. mendeko San Pedro parrokia gotikoa gailentzen da beste eraikin guztien artean.
Itsaslabarrak ere interesgarriak dira oso geologiari dagokionez. Itzurun hondartzatik txango polita egin dezakegu Debaraino kostaldeko labar malkartsuak ikusiz. Itsasbeheran, Flysch izeneko fenomeno berezia ikus dezakegu.
Zarautz
Tradizio turistiko handiko herri da Zarautz, bisitaria liluratuta utziko duten elementu ugari dituen udalerria. Ostalaritza eskaintza zabala dauka eta, arkitekturari eta arteari dagokionez, interes handiko alde zahar historikoa. Horrez gain, nabarmentzekoa da herriaren ingurune naturala ere.
Kantauri itsasoko urek bustitzen dute bere itsasertza. 2.500 metroko hondartzak Santa Barbara eta Mollarri itsaslabarrak ditu alde banatan. Kafetegiz eta terrazaz betetako itsas-pasealeku bizi batek inguratzen du urre koloreko harea fina duen hondartza.
Interes handiko eraikinak eta monumentuak daude alde zaharrean, baita herriko gastronomiaz dastatzeko nahi beste taberna eta jatetxe ere.
Getaria
Tradizioz arrantzale eta nabigatzaile handien herria izan da. Hangoa da, besteak beste, Juan Sebastian Elkano, munduari buelta eman zion lehena. Mendeetan zehar, balea-arrantzak berebiziko garrantzi izan du herriaren ekonomia.
Hemen, ez ahaztu Cristóbal Balenciaga Museoa bisitatzea, baita ere oso erakargarria egingo zaizkizu, museoaren ingurune natural eta landa-auzoak ezagutzea.
Mendi hegal batean dago Erdi Aroan harresiz inguratuta egon zen hiribildua. Deigarria da oso San Anton mendia. "Getariako arratoia" izenez ere ezagutzen dute itsasoari begira dagoen mendi hori, animalia horren itxura baitauka.
EUSKAL HIRIBURUETATIK GERTU
Donostia
Bilbo
Gasteiz
Oharra: informazioa eta argazkiak https://turismo.euskadi.eus web orrialdetik hartuak. Web orrialde honetan informazio gehiago duzue Urola Bailara eta Euskal Herriari buruz.